Aurrekariak
Gaixotasun kronikoak dituzten pertsonek euskal herri-administrazioen arreta berezia behar duten behar zehatzak erakusten dituzte.
Iazko txostenean ere jaso genuen etiologia ezezaguneko gaixotasunak pairatzen dituzten eta tratamendu zehatzik ez duten pertsonen arazoa, horien artean inguruarekin erlazionatutakoak; hala nola, sentsibilitate kimiko anizkoitza, gastu handiei aurre egin behar izatearen arazoa ere gehitzen baitzaie.
Sentsibilitate Kimiko Anizkoitza (SKA) pairatzen duen pertsona batek kexa bat aurkeztu zuen Ararteko erakundearen aurrean gaixotasun horren kontrako tratamendua gauzatzeko dituen zailtasunen ondorioz. Arabako Unibertsitate Ospitaleko Endokrinologia Zerbitzuak, 2014ko ekainean, haren egoera erreferentziazko zentro espezializatu batean baloratzeko proposamena egin zuen. Proposamen horren oinarria da Euskal Osasun Zerbitzuko espezialistek zailtasunak dituztela patologia hori artatzerako orduan.
Kasuaren aurrekariak aztertu ondoren eta informazioa osasun administrazioarekin egiaztatu ostean, erakunde honek iradokizun bat igorri zion Osasun Sailari SKA pairatzen duen pertsonak aurkeztutako proposamen terapeutikoa abiarazteko baimen eskaera berrikus zezan; proposatutako tratamendu edo esku-hartze terapeutikoari buruzko ondorioa aldatuko ez dela onartuta, haren sintomatologia eta bizi-kalitatea hobetzen lagundu dezaketen alderdiak ebaluatuz. Kexa horren gaineko Arartekoaren gogoetak Arartekoaren 2016ko maiatzaren 17ko ebazpenean jaso dira. Horren bidez, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailari iradoki zaio zentro pribatu bateko esku-hartze terapeutikoaren aurretiazko jakinarazpenaren eskaera berrikusteko.
Osasun Sailak ez du iradokizun hori onartu eta erabaki hori honetan oinarritu du: proposatuko tratamenduaren ziurtasunik eza, bai sendatzeko gaitasunari dagokionez, bai sintomak arintzeko ahalmenari dagokionez.
Tratamenduaren ebidentziari lotutako alderdiak zalantzan jarri gabe, Arartekoaren ebazpenaren xedea bertan jasotako datuak hizpidera ekartzea zen (tartean Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziak beharrezko sendagaiak inportatzeko baimenari dagokiona), interesdunaren eskaerari lotuta, aldeko baimena emateko zantzuak izan zitezkeelakoan. Erabaki horrek ez luke baldintzatuko proposatutako tratamenduaren arintzeko efektuen jarraipena egitea.
Arartekoak uste du iradokizuna onartzeak bat egingo lukeela sentsibilitate kimiko anizkoitzaren inguruan Osasun Ministerioak adostutako agiriaren proposamenetako batekin. Honekin hain zuzen ere: ikertutako tratamenduen ebidentzia falta oinarritzat hartuta, esku-hartze terapeutikoen helburua sintomak eta bizi-kalitatea hobetzea izan behar da. Hala, erakunde honen iritziz, agiri horrek aipatzen dituen sintomen tratamenduek, berez, gaur egun, ez daukate ebidentziarik.
Horregatik, sentitzen dut erabaki hori hartu izana, izan ere, ebidentzia falta horretatik abiatuz, iradokizunaren asmoa zen tratamendu alternatiborik ez duen patologia jasaten duen pazienteari aukera bat ematea, haren eskaera zilegi bideratuz.